XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Albo batera utzi zuen gutuna eta haren kontenplazioa.

Altxa eta kanpora atera zen.

Kaleak ibiliz eta semaforo eta zebrabideak gurutzatuz, heldu nahi bide zuen lekura iritsi zen.

Téléphonique irakur zitekeen sartzera zihoan egoitzaren ate gainean.

Sarrerako ate automatikoa gainditu ondoren, hala tamaina nola kolore berdineko liburuez hornitutako apalategira jo zuen, batere zalantzarik egin gabe.

Trabeska lerrokaturiko liburuetan bilatzen aritu zen, eta luze gabe haietako bat atera zuen aretoaren erdian zegoen mahaira.

Département à Normandie izenburuko liburukote hartan murgildurik, Cherbourg herriaren izena bilatu zuen lehendabizi, eta bere maiteñoaren Léblanc abizena gero.

Espero zuen bezala, ez zegoen Léblanc bakarra, baizik hiru zeuden, eta hirurak kale berean tamalez.

Kalea, ordea, ez zitzaion batere ardura haren izena ondo gogoan baitzeukan, igandean bere maiteñoaren bila joan zenez gero, ardura zitzaiona atariaren zenbakia zen, eginahalak egin arren inondik ere ezin gogora ekarri zuena.

Eta zenbaki hura derrigorrez zehaztu beharra zeukan, gutuna behingoz bidaliko baldin bazuen.

Abizenari zegozkion hiru zenbakiak idatzi zituen paper lardaskatu batean, liburua bildu zuen, lehenxeago apalategian hutsik lagatako tarte berean (...)